angle-left Aste Nagusia

Abuztuaren 18an Bilbok ongi etorria emango dio Marijaiari, Aste Nagusiko sinboloari. Urtero bezala, Arriaga Antzerkitik txupina jaurti ostean hiria jaiaz beteko da bederatzi egunetan zehar. gainera, aurtengoa urte berezia dugu, Aste Nagusiaren 40. urteurrena delako. Prest zaude?

Antzerki ikuskizunak, kontzertuak, su-artifizialak, gastronomia-lehiaketak, umeentzako jolasak… Aste Nagusiak sorpresa dauzka aurtengo edizio berezirako, 2018a gure jai ospetsuenen 40. urteurrena baita.

Marijaia preziatuak hasiera emango dio Bizkaiko jai nagusiari: besoak zerura begira dauzkan lau metroko panpin erraldoia. Festaren sinonimoa da Marijaia, eta bederatzi egunetan zehar Bilboko bazterrak dantzatzen bisitatzen ditu “Badator Marijaia” abestiarekin. Aste Nagusiko abesti hau ehunka aldiz entzun daiteke hiriko taberna, txosna eta plazetan, jaiak amaitu arte. Aurtengo Aste Nagusia abuztuaren 26an bukatuko da eta egun hartan, ohiturak esan bezala, Marijaia erre eta Nerbio ibaira botako da.

Aste Nagusia 1978an jaio zen eta mundu mailan bakarra dugu Bilboko ospakizun erraldoi hau konpartsen partehartzeagatik. Bilboko Konpartsek jai giroa bultzatzen dute, jaietako jarduerak dinamizatuz. Guztira 29 konpartsa daude Bilboko jaietan eta bakoitzak txosna bat dauka ibaiaren inguruan eta euren helburua jendeak ondo pasatzea da.

Gomendioak

Aste Nagusian adin guztietarako 300 jarduera baino gehiago antolatuko dira. Horien artean oso esanguratsuak dira su-artifizialen nazioarteko lehiaketa, gauero 22:45etan antolatzen dena. 20 minutuz, hiriko aktibitatea gelditu eta  iluntasuna su-artifizialen argiez argiztatzen da. Udaletxeko zonaldetik Uribitartera artekoa leku oso aproposa da su hauen ikuskizunaz gozatzeko.

Nola heldu

Aste Nagusia Bilbo osoan bizitzen da, baina zonalde esanguratsuenak  Areatza, Udaletxearen zonaldea, Arriaga plaza, plaza Biribila eta alde zaharra dira. Leku hauetara heltzeko ez duzu inolako problemarik izango, metroak Abando eta Zazpi Kaleak geltokia dituelako. Tranbiak Pio Baroja eta Arriagan utziko zaitu eta Bilbobus lineak hiri osoko bazterretan ditu geldialdiak.

Gastronomia

Non jan

Jaietan ondo jatea oso garrantzitsua da, bederatzi egunetan jo eta su ibiltzeko asmoa badaukazu, behintzat. Hiriko taberna eta jatetxe gehienek ahalegin berezia egiten dute urtero eskaintza gastronomikoan mokadu, bazkari eta afari apartak eskaintzeko jaietako menu berezien bidez.

Txosnetan antzekoa gertatzen da: dantzen artean, bokatak nagusi dira bertan. Tradizionalak, bereziak eta zure gustura doitutako bokatak topatuko dituzu txosna bakoitzean. Beganoa bazara, txosna animalistek primerako ogitartekoak prestatuko dizkizute.

Ostatua

Non lo egin

Aste Nagusian lo egiteko lekua aurkitzea oso zaila da. Zuhurra bazara, lehentasun handiz erreserbatu beharko zenuke zure egonaldia gure hirian. Horrela eginez, aukera ugari izango dituzu nahi duzun ostatuan atseden hartzeko. Kontua izan Bilbo oso ezberdina dela urtean zehar Aste Nagusiarekin alderatuta. Aste Nagusian hiriaren bizitzak erritmoa aldatzen du: musika ugari entzun daiteke kaleetan eta jendea ez da faltako edonon.

Askotariko ostatuak topatukpo dituzu Bilbon: hostalak, pentsioak, hotelak. Zure asmoa dibertitzea eta ondo pasatzea bada alde zaharreko zonaldea gomendatzen dizugu. Bestalde, gauetan lasai lo egin nahi izatekotan, ostatua kanpoaldean erreserbatzea duzu aukerarik onena.
Bilbora furgonetaz edota karabanaz etorri bazara, Kobetamendin ibilgailu hauentzako zonaldea antolatu ohi dute, zaratatik urrun, ikuspegi zoragarriko zonaldean kokatutakoa.

Deskontuak

BBCardek eskainitako deskontuak

Erosi