angle-left Art District, Bilboko arteria alternatiboa

Arteen Asteburuak agenda oparoa du. Hainbat artistek esku-hartze deigarriak gauzatzen dituzte Bilboko plazetan nahiz eraikin ezagunen inguruetan. Era berean, sortzaile edota kultura-eragileen eskutik, ezohiko bisita gidatuak antolatzen dira, dela museo eta galerietan, dela hirian barna, bereizgarri dituen elementu artistiko edo arkitektoniko anitzak ezagutzeko asmoz.

Bilbo hiriaren interes artistikoa eta kulturala bultzatuko duen kalitatezko programa egituratzeko asmoz, abian jarri zen Bilbao Art District. Hasiera batean Zabalguneko “nortasun artistikoan” oinarritu bazen ere, gaur egun ia hiri osoa besarkatzen dute diziplina anitzeko adierazpenek, ikusmira piztuz baita nazioarte-mailan ere.

Artea ez dagokie soilik museo ospetsuei, ezta artista nahiz adituei ere. Sormena den heinean, pertsona orori datxekio. Filosofia parte-hartzaile eta eraikitzaile honetatik abiatuz, Bilbao Art District-ek kultura alternatibo baten mapa ehundu du. Nabarmentzekoa da maiatzean antolatzen den Arteen Asteburua, non hiriko kaleak eta plazak arte-galeria bizi-biziak bihurtzen diren. Edozein lekutan topa dezakezu eszenatoki bat, mihise bat. Alegia, inspirazioa.

Arteen Asteburuak agenda oparoa du. Hainbat artistek esku-hartze deigarriak gauzatzen dituzte Bilboko plazetan nahiz eraikin ezagunen inguruetan. Era berean, sortzaile edota kultura-eragileen eskutik, ezohiko bisita gidatuak antolatzen dira, dela museo eta galerietan, dela hirian barna, bereizgarri dituen elementu artistiko edo arkitektoniko anitzak ezagutzeko asmoz.

Horrez gain, hainbat areto, galeria eta tabernetan, zuzeneko ikuskizunak, kontzertuak, tailerrak nahiz hitzaldiak eta mahai-inguruak antolatzen dira, artea bere osotasunean zabalduz. Bakarka, bikoteka nahiz familian, kultura-egarria duen edonorentzat irekita dago Bilbao Art District-en eskaintza zabala.

Ibilbideak

Bilboko Itsasadarra bide-erakusletzat hartuta, Zorrotzaurre aldera jo dezakezu lehenengo eta behin. Handik gertu, gaileta fabrika izandako eraikin ospetsuan, Espacio Open elkarteak aparteko azoka txikia antolatzen du igandero.

Zorrotzaurreko Art Working Progress (ZAWP) era anitzetarako espazio kulturala ezagutzea benetan merezi du

Edozeinek parte hartu dezake bere obrak aurkeztuz, bigarren eskuko arropa eta produktuak salduz, edota besterik gabe kafe bat hartuz. Gainera, tailerrak eta formatu txikiko kontzertuak ere egin ohi dira.

Horren ostean, Abando-Ibarratik paseatu zaitezke. Guggenheim hotsandiko inguruetan, arte-erakusketa hiritar erakargarriarekin egingo duzu topo: Dali, Chillida, Koons, Kapoor, Burgeois eta beste artista garaikideen eskulturetatik; Pelli, Isozaki, Ferrater, Soriano, Moneo, Siza, Gehry edota Calatrava arkitektoen obretara, beste sorpresa atseginak beste.

Zabalgunea - Bilbao La Vieja

Hiriko Zabalgunea galerien bilgune izan da tradizioz, azken urteetan espazio berriak agertu badira ere. Rekalde Aretoaren inguruan, espazio txiki eta ertainek bere proposamen bitxiekin liluratuko zaituzte, hiri-giro guztiz kosmopolitan. Bilboren bihotzerako bidean, hots, Alde Zaharrerantz, Bilbao La Vieja -’Bilbi’ ezizenez ere ezagutzen dena- bisitatzea merezi du.

Batzuentzat hipster samarra, beste batzuentzat agian bohemioa, bertako tabernen kutsu kultural alternatiboak erakarriko zaitu, baita inguruko kale-bizitza espontaneoa ere. Maiatzaren 2ko azoka txikia ere nabarmentzekoa da, auzoko dendek eta saltokiek kalera ateratzen direla, giro atsegin eta bizigarrian. Gertu, BilbaoArte Fundazioan, beti aurkituko duzu proposamen kultural iradokigarriren bat.

Nola heldu

Hirigunetik mugitzeko, metroa edo tranbia garraiobide egokiak dira, auzo eta gune kultural aipagarrienak erraz eta maiztasun handiz lotzen dituzte eta. Edonola ere, eguraldiak baimentzen badu, Bilboko ‘kultura-barrutia’ oinez egitea da aproposena, edozein zirrikituetan topa baitezakezu artea.

  • Metroa

    Bilbao La Vieja-ra heltzearren, Abando nahiz Alde Zaharra geltokietan jaitsi zaitezke, eta paseotxo bat eman auzora heldu arte. Zabalguneko alde artistikoa edota Abandoibarraren kasuan, Moyua da zure geltokia.

  • Tranbia

    Erribera edo Atxuri geltokietan jaitsita, Erriberako nahiz San Anton zubiak zeharkatu eta berehala helduko zara.

  • Autobusa

    Bilbobusek hainbat ibilbide ditu, zeintzuek Bilbao La Vieja, Zabalgunea eta Abandoibarran geltokiak dituzten. Kontsulta itzazu maiztasunak eta ordutegiak Bilbobuseko webgunean.

Gastronomia

Non jan

Bilbo hirigunean, nonahi topatuko duzu taberna nahiz jatetxe gomendagarriren bat, batik bat Zabalgune aldean, galerietan artea ‘dastatu’ ondoren. Halaber, Bilbao La Viejan barrena, auzoa biziberritu duten hainbat jatetxek ireki dute beren ateak azkenaldian, Euskal Herriko sukaldaritza munduko plater exotikoekin uztartzen dutela.

  • Bilbao Art District
    Ekimen honen webgune nagusiak Bilbo osoko “mapa kulturala” eskaintzen du. Berebat, agenda eguneratua hala nola azken proiektu eta nobedadeen berri jaso dezakezu.

    ZAWP
    Zorrotzaurre Art Work in Progress (ZAWP) proiektua abian jarri zuen hACERIA elkarteak, 2008an. Zorrotzaurre eta Deustuko Erribera aldeko hirigintza prozesuan parte hartu, eta oro har bertako bizitza sozio-kulturala berpiztea xedetzat ditu.

    BilbaoArte
    Bilboko Udalak sustatutako ekoizpen artistikorako espazioak sortzaile gazteen profesionalizazioa du helburu. Zine ziklo eta erakusketa iradokigarriak ere antolatu ohi ditu.

    Sarean
    Espazio Plaza elkarteak kudeatuta, San Francisko auzoaren partaidetza sustatzea du xede, programa kultural ezin interesgarriagoa zabalduz.

    • Kokapena

      Rekalde Aretoa (Zabalgunea) 
      ZAWP (Zorrotzaurre) 
      Bilbao Arte (Bilbao La Vieja) 

  • Bilbao Art District-ek sustatzen duen espiritu sortzaileaz 'kutsatu' zaitez eta parte hartu ezazu bere tailer, hitzaldi, ikuskizun eta bestelako ekimen kitzikagarrietan. Askatu ezazu zure baitan daramazun artista-sena!