angle-left Jalgi hadi dantzara!

Gure kultura zaindu eta sustatzearekin batera, musika eta dantza garaikidearen azken nobedadeak harmoniaz txertatzen ditugu gure eszenatokietan. Diseinu liluragarria eta balio historiko handiko eraikinek barne hartzen dute hamaika ikuskizun egunero, urte osoan zehar.

Bere sorreratik, musika klasikoa jendartean zabaltzeko xedea izan du Bilboko Orkestra Sinfonikoak (BOS). 1958an, Rafael Frühbeckek hartu zuela zuzendaritza, ‘Carmina Burana’ lehenengo aldiz entzun zen oso-osorik Estatu mailan. Geroztik, bakarlari nahiz abeslari entzutetsuekin jo du, hala nola: Alfredo Kraus, Montserrat Caballe, Placido Domingo, Luciano Pavarotti, Ainhoa Arteta, Arthur Rubinstein, Nicanor Zabaleta, eta, jakina, Bilboko Seme Kuttuna den (beste ohoreen artean) Joaquin Achucarro. 

BOS-ek Euskalduna Jauregian du egoitza. Bizkaiko Foru Aldundiaren titulartasunpean, Federico Soriano eta Dolores Palacios arkitektoek sortu zuten eraikina, ontziola ospetsuaren omenez. Bertan batzar profesionalak eta era anitzeko ekitaldi publikoak antolatzen dira. Arlo kulturalean, musika eta dantza klasikoak nahiz modernoak leku dute, zarzuelatik ballet klasikora, baita antzezpen abangoardistak ere. 

Entseguak eta kontzertuak garatzeaz gain, BOS-ek ekimen didaktiko interesgarriak bultzatzen ditu bertan. Adibidez, ‘Trakamatraka’ tailerrak musika-tresnak sortzen ditu material birziklatuekin; eta ‘Adoptatu musikari bat’ ekimena bide, Leonard Bernsteinen ‘West Side Story’ gisako musikal batean parte hartzeko aukera dute ikasleek.       

Hirigunetik irten gabe, BBK Aretoak kalitatezko programazioa ere badauka. Jazza, flamenkoa, fadoa hala nola trikitixa eta txalaparta soinuak entzungo dituzu. 2010etik hiri osoari irekita, bertoko eta nazioarteko ehunka artista igaro dira bere eszenatokitik.

Jaialdirik jai

Etxe barruko ohiko programazioaz gain, urtean zehar jaialdi ugari antolatzen ditugu -mundu mailan jada ezagunak diren BBK Live, Mundaka eta BIME jaialdiez haratago-. Horietako asko ospe handikoak dira, Musika-Música ekimena, kasu. Genero klasikoaren ‘maratoi’ honek 70 emanaldi eta 1.500 musikari baino gehiago hartzen ditu. Prezio eskuragarrian, nazioarteko erreferentziazko hitzordu kultural eta pedagogikoa bilakatu da. 

Halaber, BBK Aretoak barne hartzen duen Musiketan jaialdia bide, Elliott Murphy, Ara Malikian, Mary Black eta Bebo Valdes gisako artistek parte hartu dute, beste askoren artean. Estilo aniztasuna bereizgarri, ziklo honek 90.000 bat ikusle erakarri ditu.

Hasiberritzat har dezakegun jaialdia dugu Loraldia, Anton Abbadiak 1879an sustatu zituen Lore Jokoek iradokituta. Udaberrian, era anitzeko kultur-adierazpenak ‘loratzen’ dira hirigunean, euskal sormena goraipatzeko xedez. Udazken-negu partera, Bilbo flamenko-kantari eta dantzarien xarmaz inguratu ohi da; eta Gabonetan, hiriko abesbatza guztiek koru-kontzertuak eskaintzen dituzte, giro gogoangarrian.

Bilbotik at, bereziki nabarmenak dira Getxoko folk, jazz eta blues jaialdiak, tradizio handikoak. Era berean, aipatzekoak dira Ziortza-Bolibarreko Antzinako Musika Festibala, hala nola Bermeoko Nazioarteko Musika nahiz Portugaleteko Folklore Jaialdiak

Nola heldu

  • Hiriburuan nahiz oro har Bizkaiko herrietan, musika eta dantza proposamenek liluratuko zaituzte ziur. Bere programazioa kontsultatzea aholkatzen dizugu, denboraz antolatzeko zure plan kultural paregabea (eta sarrerik gabe ez geratzearren, jakina!). Hemen dituzu gure kulturaren -baita nazioartekoarena ere- hainbat plaza, hirigunean bertan:

    BBK Aretoa
    Lopez de Haro kale nagusia, 19-21. 48008 Bilbo
    Telefonoa: 944 058 824 / E-posta

    Euskalduna Jauregia
    Avenida Abandoibarra, 4. 48011 Bilbo
    Telefonoa: 944 035 000 / E-posta

    Arriaga Antzokia
    Arriaga plaza, 1. 48005 Bilbo.
    Telefonoa: 944 792 036 / E-posta

    Campos Elíseos Antzokia
    Bertendona kalea, 3 Bis. 48008 Bilbo
    Telefonoa: 944 438 610 / 944 438 641

    • Ordutegia

      BBK Aretoa txarteldegia:
      Astelehenetik larunbatera: 12:30etik 13:30era – 17:00etatik 20:30era
      Ikuskizuna dagoen igande eta jaiegunetan: 17:00etatik 20:30era 

      Euskalduna Jauregia:
      Doako bisitak antolatu ohi ditu, publiko orokorrari zuzenduak. Larunbatetan, 12:00etan, 30 lagun gehienez
      Hitzartutako bisitak: Astegunak, larunbat arratsaldeak eta igandeak / 30 lagun gehienez. 

      Arriaga Antzokiko ofizina:
      Astelehenetik ostiralera:
      Goizez 11:00-14:00
      Arratsaldez 17:00-20:00
      (jaiegunak eta uztaila izan ezik)

      Campos Eliseos-ko txarteldegia:
      Asteartetik ostiralera, 17:00etatik azken emanaldia hasi arte. Antzezpenik ez dagoen egunetan, 20:00etan ixten da txarteldegia.

    • Prezioa

      Euskalduna Jauregiko bisita gidatuak:
      Hitzartutako bisitak: Astegunak, larunbat arratsaldeak eta igandeak / 30 lagun gehienez. Prezioa: Astegunetan: 4 €, pertsonako; taldea 17 lagunek edo gehiagok osatzen badute. | Hamazazpi baino gutxiago badira, 65 €, talde osoko. | Larunbat arratsaldeetan eta jaiegunetan, 90 €, taldeko.

    • Kokapena

      Bilbo