angle-left Kolorez blai

Esperientzia oso gomendagarria duzu Baso Margotuarena, egun erdiko ibilaldiak gazte, heldu eta nagusiei aho zabalik utziko dielako. Bertan, bisitariaren ikuspuntuak funtsezko rola jokatzen du, eta bisitari bakoitzaren pertzepzioaren arabera, basoaren bertsio propioaz gozatzeko aukera izango du.

Artea hizkuntza unibertsala da eta bere subjektibotasunak artelanak modu askotan ikusi eta gozatzera eramaten gaituzte. Horixe bera gertatzen da Omako Baso Margotuan, artelan bizi hau ikusi eta ulertzeko modu asko baitaude.

Mihise tradizionaletan ez bezala, artelan erraldoi honetako mihiseak zuhaitzen enborrak dira, eta gure ikuspuntuaren arabera forma eta kolore horiek artelanei zentzua ematen diete, hiru dimentsioko muralismoa sortuz.

Gazte eta nagusientzako plan zoragarria duzu honako hau, eta Ibarrolaren basoaz gozatzeaz gain Oma eta Basondoko inguruak ezagutzeko aukera izango duzu bertako belardi, abere eta baserrietatik igaroz.

Ibilbideak

Egun erdiko planaren bila bazabiltza Omako Baso Margotura hurbiltzea biziki gomendatzen dizugu. Adin guztietarako ordu bi inguruko ibilbide magikoa duzu honako hau, lau xamarra, zeinetan Urdaibai Biosferako Oma eta Basondo bazter magikoak ezagutzeko aukera emango dizuna.

Lezika erretegian hasi eta amaitzen den ibilbide zirkularrak ordu bi inguruko esperientzia eskainiko dizu biosferako bihotzean zehar

Ibilbidea Basondo auzoko Lezika erretegian hasiko dugu. Antzinako baserri hartatik hasita, maldan gora doan bide batek Omako haraneko hegoaldeko mendi magalera eramango gaitu eta hasiera emango dio gure ibilbideari baso-pista batetik zehar.

Bide honetan, Ibarrolak basoa margotzeko erabilitako erreferentzia geografikoak ageri dira: Oma eta Basondoko haranak, bertako kobazuloak eta artadiak, Nabarnizko erromatar garai-aurreko kastroak...

Kilometro batzuetan Omako Baso Margotuaren sarreran egongo gara, espazio eta artearen arauen inguruan hausnarketa egiten duen topagunea. Ezer ikusi baino lehen, basoko atariko mapa kontsultatzea gomendatzen dizugu, Baso Margotuaren obrak hiru ataletan sailkatzen ditu eta: lengoaia artistikoaren erreferentziak eta arte-korronteak, naturako erreferentziak eta izakien irudikapenak.

Basoa aztertzen dugun heinean maldan behera jaitsiera egingo dugu, eta lurrean ezarritako harri batzuek obrak ikusteko kokagunea adieraziko digute. Maldan behera Basondoko bidera helduko gara eta errepide txiki hau ipar-mendebalderantz jarraituz erretegira egingo dugu itzulia landa-eremutik. Errekak, baserriak eta aberez betetako zenbait belardi ikusteko aukera izango duzu, txikienei bereziki asko gustatuko zaiena. Lezikara bueltan erretegian bertan bazkaltzeko aukera izango duzu. Etxetik bazkaria ekarri baduzu, askaldegia daukazu erretegiko aparkalekuan bertan.

Nola heldu

Omako Baso Margotura heltzeko zenbait modu daude, baina gomendagarriena autoarena da, Lezika jatetxea BI-2288 errepidetik urrun dago-eta. Autobusa bezalako garraiobideek Kortezubin utziko zaituzte eta Omaraino ibilbide luzetxoa duzu oinez.
 

  • Autobusa

    Autobus geltoki hurbilena Kortezubiko Elexalde auzokoa duzu eta bertatik A3513 eta 3526 lineak igaro dira. Bertatik Lezikara ordu erdiko 2 kilometroko paseotxoa duzu Terlegiz auzotik zehar.

  • Autoa

    Bilbotik irten eta N-637 autobia Donostiarantz jarraitu. Autobia A-8an bihurtzen denean, 100. irteera hartu, Gernika norabiderantz N-634 errepidetik. Amorebieta aldean errotondako bigarren irteera jarraitu beharko duzu Bi-635 errepidetik. Muxika eta Gernika herriak atzean utzi ostean Bi-2238 errepidea jarraitu beharko duzu Lekeitiora bidean. Kortezubira heldu baino lehen Bi-4244 errepidea hartu behar duzu (Omako Baso Margotua eta Santimamiñeko kobazuloen seinaleak ikusiko dituzu). Errepidea jarraituz Lezika erretegira helduko zara.

Gastronomia

Non jan

Bertako gastronomia gustuko baduzu eta tradizioaren maitalea bazara, bertako jatetxe tipikoena Lezika duzu. Bertan, Urdaibai zonaldeko gastronomia tipikoa dastatzeko aukera izango duzu. Jende askok Omako ibilbidea egin baino lehen kafea hartzen du bertan eta itzulian bertan bazkaltzen du. Jai egun eguzkitsuetan jendez gainezka egon ohi da leku hau. Oso tipikoak dira Urdaibai zonaldeko indabak zein piper-beteak eta baita itsasoko produktuak ere: txipiak, bakailaoa piper-saltsan… zonaldeko abereen entrekot uxterra ahaztu gabe. On egin!

  • Gauza ugari egin daitezke Urdaibain. Horregatik, garrantzitsuena zure denbora behar bezala antolatzea da, ahalik eta gauza gehien patxadaz ikusteko. Txundituta utziko zaitu leku honek!

    Omako Baso Margotua

    Santimamiñeko kobazuloak

    • Kokapena

      Busturialdea

  • Omako Baso Margotuko ibilbidea egiteko asmoa izatekotan, oinetako erosoak eta ura eramatea gomendatzen dizugu. Udan bazatoz horiei txanoa eta eguzkietako betaurrekoak gehitzea ez legoke batere gaizki. Udazken edo neguan euri zaparradak ugariagoak dira, eta txubaskeroa, polainak eta mendiko botak eramatea ideia aparta da, basoan ez duzulako pistarik topatuko; lurra baizik.

    Ibilbidetik bueltan gauza gehiago ikusteko gogoa baduzu, Santimamiñeko kobazuloak bisitatzea gomendatzen dizugu, Lezikako aparkalekutik bi minutura dauzkazu-eta. Gogoratu lekuaren webgunea bisitatzea erreserbak egin ahal izateko.