angle-left San Tomas: Bilboko 71. edizioa

Abenduaren 21ean ospatzen den San Tomas azokak, gure euskal tradizio eta ohituretatik edaten du eta orotariko publikoarentzat aisialdirako ekintzak eskaintzen ditu: baserriko animalien erakustaldia, musika emanaldiak edo bizi-biziko taloen prestaketa, besteak beste.

Aski ezaguna da urtero-urtero Euskal Herri osoan gogo handiz ospatzen dugula San Tomas Eguna. Kaleak argiz josita eta gabon giro zirraragarrian murgilduta daudelarik, milaka eta milaka pertsona hiriguneetan biltzen gara baserritarren jai tradizionalarekin bat egiteko. Hotza hasia dela gainera, ezinezkoa da txorizo eta odoloste talo beroen usain gozoari uko egitea.

Euskadiko topaleku jendetsuenak Arrasate, Azpeitia, Bilbo, Donostia eta Lekeitio dira. Eta Bizkaia soilik kontuan hartuta, Bilbokoa da nagusiena. Aipatzekoa da hirigune guztietan abenduaren 21ean ospatzen dela, Arrasaten salbu, non hurrengo egunean egiten den. Dena dela, edonora zoazela, adin guztietako pertsonek izango duzue ondo pasatzeko abagunea.

Historia

Tradizio luzeko jaia da San Tomas. Bilbon, azoka XIX. mendean ospatu zen estreinakoz. Hasiera baten salmahaiak Plaza Zaharrean zeuden (San Anton elizaren alboan, egun Erribera merkatua dagoen tokian). Bertan gainera, Bilboko portua zegoen, beraz, jendetza handiak biltzen zituen gunea zen.

Urteak pasa ahala, hiria eraberritzen joan zen eta XX. mende hasierako merkatua Plaza Berrira eskualdatu zen. Gaur egun, Plaza Berrian eta Areatzako parkean egoten da festaren bihotza. Aurtengoa 71. edizioa izango da eta abenduaren 21ean ospatzen jarraituko da hiru arrazoi historiko direla medio.

Alde batetik, urte batetik bestera aldatzen doan arren, abenduaren 21ean neguko solstizioa izan daiteke. Euskal kultura eta mitologiarentzat solstizioa oso garrantzitsua izan dira betidanik.

Izan ere, solstizioak udazkena bukatu dela esan nahi du, eta ondorioz, uzta guztia bilduta dagoela: animaliengandik eratorritako jakiak eginda daude, eta ardoak eta sagardoak dastatzeko prest daude. Momentu ona da beraz baserritarrentzat bildutakoa saltzeko eta datorren urterako distribuzio kontratu berriak sinatzeko.

Halaber, Gabonak gertu daude eta baserritarrentzat salmenta aukera paregabea azaltzen da, hiriko jendea azokara gerturatzen baita Gaboneko otorduetarako janaria erosteko.

Bestalde, aitzina baserritarrek haien baserrien alokairua uzta-biltze amaieraren eta Eguberri egunaren artean ordaintzen zuten. Beraz, alokairurako dirua biltzeko aukera izaten zuten azoka berezi honetan.

Derrigorrezko geldialdiak

Animali-feria. Ganadu-ferian baserriko animalien erakustaldia egin ohi da. Oilarrak eta txerriak protagonistak izaten diren arren, behiak, idiak, ardiak, ahuntzak, zaldiak eta astoak ere ikusgai egoten dira.

Euskal musika. Tokiko musika oso presente egoten da San Tomasen. Trikitien eta txalaparten soinuak edonon entzun daitezke, eta bertso eta musika taldeen erakustaldiak ere ez dira falta.

Merkatua. Azoketako arreta-punturik interesgarrienak dira. Bilbon, adibidez, 250 salmahai baino gehiago izaten dira, eta horietan baserrietan lantzen diren denetariko jaki eta edariak aurki daitezke: gaztak, txerrikiak, txakolina, sagardoa… Bermatuta dago gainera saltzen den guztia kalitatezkoa eta tokikoa dela.

Taloak eta sagardoa. Agian San Tomas azokak daukan bereizgarri ezagunena merkatuan bertan prestatzen diren taloak dira. Solomozkoak eta guzti dauden arren, ohikoenak txorizoz edo odolostez betetakoak dira. Eta noski, jakia sagardoarekin bustitzen den arren, alkoholik gabeko edaria ere eskaintzen da.

Gaueko festa. Iluntzen denean salmahaiak biltzen dira eta giro ederra sortzen da taberna eta jatetxeen inguruan. Bilbon, Alde Zaharreko tabernek egunsentiaren etorrera itxoiten dute egunari bukaera emateko.

Gomendioak

Merkatura joan nahi izanez gero, merezi du goiz jaikitzeak eta salmahaietara jendetza heldu baino lehen ailegatzea. Eguerdi aldera jendez beteta daude postu guztiak eta lasaitasunez erostea zailagoa da.

Orobat, gomendatzekoa da ere zikintzeko moduko arroparekin janztea eta oinetako erosoak eramatea. Alde batetik, talo eta sagardoen joan-etorriekin narrastea posible da; bestalde, eguna oso luzea da eta zutik ordu ugari egon zaitezke. Eta noski, kontuan eduki askotan euria eta hotza egiten duela eta jendetzaren artean euritakoa zabaltzea ezinezkoa dela. Beraz, eraman txanodun jaka.

Nola heldu

Bilboko San Tomas azoka Plaza Berrian eta Areatza parkean kokatzen da. Bi guneak Bilboko Alde Zaharrean daude, hiri erdigunean. Bertara heltzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da, kotxea aparkatzeko lekua aurkitzea ezinezkoa baita. Egun horretan gainera garraio zerbitzu bereziak daude, eta metro, tranbia, tren (bai Renfe, bai Euskotren) eta autobus geltokiak azokatik oso gertu daude.

Gastronomia

Non jan

Dudarik gabe, aukerarik onena salmahaietan jatea da. Ia derrigorrezkoa da baserritarrek egindako euskal otarteko bikainak dastatzea: txorizo edo odoloste taloak, gazta, eztia, erroskillak.. Gainera, den-dena txakoli edo sagardoarekin laguntzeko modukoa da.

Ostatua

Non lo egin

Ekitaldi ezberdinak direla medio, Bilbok bisitari ugari izaten ditu. Lo egiteko ez duzu inolako problemarik izango, baina kontuan eduki abenduan turista anitz egon ohi direla eta aldez aurretik erreserbatu beharko duzula. Prezioak askotarikoak dira: Alde Zaharrean ostatuak nagusi dira, eta Moyua-Indautxu guneetan gehienbat hotelak aurkituko dituzu.

Deskontuak

BBCardek eskainitako deskontuak

Erosi