angle-left Ur eta ibai: Bizkaiko birika

Urdaibaiko padurek Euskal Herri Atlantiarreko hezegune garrantzitsuena bihurtu dute, bai azaleragatik, bai bertako habitat ezberdinen egoera apartagatik. Leku oso egokia da bertatik igarotzen diren hegaztientzat, migrazio garaian.

Padurek rol berezia jokatzen dute Urdaibain eta ZEPA zonalde izendatu zituzten 1994an (Zona de Especial Protección para las Aves, "hegaztientzako babesgune berezia", gazteleraz). Aurrerago Natura 2000 Sarearen parte izatera pasa zen.

Gernikako padura lokaztuetatik Kantauri itsaso erraldoiaren ateetara heldu arte leku interesgarri ugari ikus daitezke gure biosferan. Den-dena ikusi ahal izateko denbora-antolaketa eraginkorra baino ez dugu beharko, jarduera mordoa dagoelako egiteko, nork bere modura paradisu honetaz gozatzeko.

Ekologia eta Orntitologiari arreta berezia eskaintzen zaio Urdaibain, eta horrez gain, oreka interesgarria mantentzen da izakiaren jarduera ekonomikoen eta naturaren artean. Hori dela eta, garapen jasangarrian oinarritutako garapen sozioekonomiko modeloa ezartzea ahalbidetu daiteke. Horrexegatik, 1984an UNESCOk Biosferako Erreserba izendatu zuen. Bertan, jarduera ugari egin daitezke: xendazaletasuna, itsas-bidaiak, mendi-bizikletako irteerak, kayak-a, birding-a

Kostaldeko edertasunaz gain, barnealderago, Kortezubin mendiz inguraturiko paisaia basatian murgilduta, Omako Baso Margotua edota Santimamiñeko kobazuloak bisitatzeko aukera izango duzu. Bertan, artearen parte izatera izango zara Ibarrola artistaren XX. mendeko obrako elementuen artean ibilbidea eginez eta kristo aurreko 13.000. urtera atzera bueltatzeko aukera eskainiko dizute Santimamiñeko kobazuloetan ikusiko dituzun labar-pinturek, txiki eta nagusiei liluratuta uzteko menu eztabaidaezina.

Jarduerak

Txorien ikuspuntutik. Arrano arrantzaleak, enarak, euli-txori grisak, zikoinak… hegaztien maitalea bazara, gaur egun birding-a praktikatu beharko zenuke. Horretarako, Urdaibai Bird Center museo bizia bisitatzea berebizikoa da. Derrigorrezkoa izan beharko litzateken esperientzia honek biosferan bizi edo bertatik igarotzen diren 200 hegazti baino gehiagoren inguruko informazio guztia eskainiko dizu.

Gautegizen kokatuta, Urdaibaiko bihotzean, museoaren helburua txorien eta migrazioen inguruko informazioa eskaintzea da. Lekua berez padurako behatokia da eta Aranzadi Giza Zientziak Elkarteak antolatzen du, hegaztien eta euren migrazioak zein habitaten inguruko ikerketaz eta dibulgazioaz arduratzen dena. Museoa 2013an inauguratu zenean 5.379 bisitari jaso zituen, eta 2016ko datuen arabera, 34.280.

Paduretatik itsasora. Urdaibaiko ur ekosistema modu eraginkor eta osasuntsu batean ulertzeko, kanoa irteerak antolatzen dira Laidako kanpingeko inguruetan apirila eta urria bitartean. Ibilbidea patxadaz egiteko egun erdi bat eman beharko duzu, kanoa enpresako furgonetek Gernikako inguruetako paduretara eramango zaituzte-eta.

Zure helburua kanpingera arte bueltatzea da Oka ibaitik zehar. Ibilbidean, padurak, antzinako errotak, Urdaibaiko ontziolak eta hegazti ugari ikusteko aukera izango duzu. Ibilbidea berez adin guztietarako prestatuta dago eta 8,5 kilometroko luzeera du. Ibilbideak ez dauka inolako zailtasunik. Oso gomendagarria da lagun artean edo familiarekin egiteko.

Urdaibaiko xendak. Urdaibaiko sistema naturaletatik zehar doazen ibilbide lokal ugari daude eta zonalde berean askotariko paisaien lekuko izan gaitezke: Zurbeltzen basoak, Oka ibaia, Mundakako ibaia, hondartza zein itsaslabarrez osaturiko itsasbazterrak…

Bermeotik Ondarroara Arrainaren Ibilbideaz goza dezakegu (GR 38a). Ibilbidean zehar, kilometroz kilometro fisionomiaz eta kolorez aldatzen doazen paisaiak ikusi ahal izango dituzu.

Bizikletak eta BTTak. Zonaldea aztertzeko garraiobiderik jasangarriena eta arinena bizikleta da, ezbairik gabe. Oinez ere egin daiteke, baina kilometro gehiegi dira Urdaibai osoa aztertzeko. Bizikletaren esparruan, ibilbide ugari daude gurpil biren gainean egiteko, bai pistan zehar eta baita menditik zehar ere.

Zonaldearen ikuspegi orokorra izateko, gomendioa estuarioaren perimetro osotik paseoa egitea da, Mundakatik Gernikara eta Gernikatik Laidara doana. Mundakatik Gernikara bidegorria dago, eta Gernikatik Laidara doan errepide tramoa ez dauka trafiko gehiegirik eta zonalde lasaia da oso.

Omako Baso Margotua. Padura eta hondartzaz haratago, barnealdean, Kortezubin Agustin Ibarrolaren Baso Margotua bisitatzeko aukera izango duzu. Baso hau XX. mendeko 60. hamarkadan sortu zuen margolariak, eta denborak aurrera egin ahala, bista hau Bizkaiko turismo interesaren ardatzean bilakatu da.

Ordu bi inguruko ibilbide zirkularra da, eta familia osoarentzat oso gomendagarria den esperientzia duzu honako hau. Autoa sagardotegiaren Lezikako aparkalekuan utzi ostean, ibilaldia hasiko dugu, aldapan gora. Igoera hau ibilbideko gogorrena eta bakarra da. Ondoren, pista jarraitu behar da, basora heldu arte.

Basora heltzean, pista alde batera utzi beharko duzu, eta azalpen-panelek gidatuko zaituzte zuhaitz artean. Ibarrolaren margo hauek ez dira edonolakoak: zuhaitz bakoitzak trazatu bereziak ditu. Ez dira bakarka ulergarriak. Panelei so egiten badiezu, zuhaitzak perspektiba jakin batetik ikusi behar dira, eta zuhaitzen margoek, multzoka, irudi konplexuak sortzen dituzte. Adin guztientzako ikuskizuna da bisita zoragarri hau, zeinean perspektibaren bidez, bisitaria obraren parte izatera igarotzen da.

Basoa bisitatzen bukatu duzunean, panelen jarraibideei kasu egin eta Omako errepidera eramango zaituzte. Elexalde eta Basondo auzoetatik zehar ibiliko zara, errepide txiki batean barrena, sagardotegira bueltatu arte.

Santimamiñeko lurpeko altxorra. Goi-paleolitikoko, Magdalena-Azil garaiko kobazulo hauek, K.a 13.000. urtekoak, Basondon daude (Kortezubi), Ereñozar mendiaren magalean, Omako Baso Margotuaren hasieran.

1961ean izan zen kobazuloko hormetako labar-pinturak nahigabe topatu zituztenean: bisonteak, ahuntzak, hartzak, zaldiak… aurkikuntza erraldoia izan zen. Kobazuloak berez, atariaz gain hainbat kilometroko luzeera du 2006. urtetik aurrera itxi egin ziren koba hauek eta harrezgeroztik, bisita gidatuak ezarri dira. Bisita hauek kobazuloaren sarrera (40 metrokoa) eta aztarnategia ikusteko aukera emango dizute. Ondoren, Santimami baselizako interpretazio zentrora igoko zara 3D ibilaldia ikusteko. Bisitak ordubeteko iraupena dauka.

Nola heldu

Urdaibai inguruko herriekin zein Bilborekin konexio ezinhobea du, bai errepidez, bai trenez. Garraio publikoaren kasuan, komeni da webgunea edo telefonoaren bidez ordutegiak kontsultatzea, garaiaren arabera aldaketak egon daitezke-eta.
 

  • iytu.reportaje.tren

    Urdaibai eta Bilbo konektatzeko Euskotreneko Bilbo/Atxuri - Gernika - Bermeo tren linea dago.

  • iytu.reportaje.autobus

    Autobusa erabiltzea nahiago baduzu, horra hor Bizkaibuseko lineak: A3514 Bilbo - Amorebieta - Gernika A3519 Gernika - Mungia A3515 Bilbo Amorebieta - Gernika - Bermeo A3513 Bilbo Galdakaoko ospitalea - Gernika - Lekeitio A3522 Gurutzeta - EHU - Mungia - Bermeo A3523 Bilbo Galdakaoko ospitalea - Gernika - Aulestia - Lekeitio A3525 Gernika - Amorebieta - EHU A3527 Bilbo - Mungia - Bermeo

  • iytu.reportaje.coche

    Bertara autoz heltzeko lau modu daude: lehena Amorebietako korridorea - Gernika - Bermeo ibilbidea egiten duen errepideak jarraituz (BI-635 eta BI-2235 errepideak); bigarrena Amorebietaklo korridorea, Gernika eta Lekeitioko BI-635 eta BI-2238 errepideak jarraituz; hirugarrena, Bilboko korridorea, Mungia eta Bermeoko BI-631 errepidea jarraituz; laugarrena, Getxoko korridorea, Mungia eta Gernikatik igarotzen diren BI-634 eta BI-2121 errepideak jarraituz.

iytu.reportaje.gastronomia

iytu.reportaje.donde-comer

Ez duzu inolako arazorik topatuko Urdaibain gosaldu, bazkaldu edo jateko. Bertako herrietako taberna eta jatetxeetan eskaintza ugari daude-eta. Zonaldeko herririk handiena Gernika da. Bertan, zonaldeko gastronomia dastatu ahal izango duzu, produktu izarrak Gernikako piperrak eta gazta izanik. Horrexegatik da hain garrantzitsua Pintxoaren Ibilbidea egitea.

Mundaka, Laida, Ajangiz, Forua, Ea, Ereño... inguruetako jatetxeek ere bertako gastronomiaren eskaintza zabala daukate, prezio onean. Nabarnizen, esaterako, oso famatuak dira bertako babarrunak.

iytu.reportaje.alojamiento

iytu.reportaje.donde-dormir

Bilbotik 30 kilometrotara egonda, Busturialdean topa daitezken ostatu gehienak nekazal-turismokoak, ostatuak, eta kanpingak dira. Inguruko herrietan hotelak topa daitezke ere, bisitari bakoitzaren beharrizanetara egokituta.

  • Gauza ugari egin daitezke Urdaibain. Horregatik, garrantzitsuena zure denbora behar bezala antolatzea da, ahalik eta gauza gehien patxadaz ikusteko. Txundituta utziko zaitu leku honek!

    • iytu.reportaje.horario

      Santimamiñeko kobazuloak

      Apirilaren 15etik urriaren 14ra, astelehenetik igandera hurrengo orduetan:
      10:00etan, 11:00etan, 12:00etan, 13:00etan, 15:30ean, 17:00etan, eta 17:30ean.

      Urriaren 16tik otsailaren 14ra, asteartetik igandera hurrengo orduetan:
      10:00etan, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan.

      Erreserbak:

      +34 944 651 657 / 944 651 660
      E-posta: santimamine@bizkaia.net
      Webgunea: bizkaia.eus/santimamine

    • iytu.reportaje.precio

      Santimamiñeko kobazuloak:

      2 - 5 €

    • iytu.reportaje.localizacion

      Busturialdea.

  • Busturialdea behar bezala bisitatu nahi baduzu ibilaldiak egingo dituzu. Horrexegatik oinetako erosoak eta ura eramatea gomendatzen dizugu. Bestalde, udan batez ere jendeak kayak-a praktikatzea gogoko du. Horrexegatik, oinetako erosoez gain betaurrekoak, txanoa eta eguzkirako krema eramatea oso gomendagarria da, ordu asko emango baituzu uraren aldamenean.

  • Gernikako jai garrantzitsuena Urriko Azken Astelehena deritzona da. Egun horretan, goizeko lehen orduan bertako produktuen azoka antolatzen da: barazkiak, lekaleak, esnekiak, txakolina… denetarik topatuko duzu bertan, etxera eramateko landa aldeko produktu fresko eta zoragarriak. Azokaz gain, Euskal Herriko herri askotako gazteak hurbiltzen dira Gernikara, goizeko lehen ordutik azkenera arte parrandaz gozatzera.